Jose Tejeria da - Rafa Rueda

"Muatzeko desgrazia" izan zen Euskal Gaizkileak serieko hirugarren atala. Bertan Joxe Tejeriaren nondik norakoak kontatzen dira, aita hil izanaren akusaziopean heriotzera kondenatua eta Gipuzkoan garrote bidez exekutatua izan zen aiarraren historia.
Exekuzioaren lekuko izan zen Juan Mari Zubizarreta "Etxeberritxo" bertsolari azkoitiarrak bertso sorta bat idatzi zuen, eta 120 urte beranduago musikatu du Rafa Ruedak.
Podcasta osorik entzun nahi izanez gero: podcast.eus/muatzeko-desgrazi...
Bertso sorta osoa duzue hemen, kantuan ez baitira denak agertzen.
Jose Tejeria da
au nere grazia,
Gipuzkoa’ko Aia’n
jaio ta azia;
tiroz aita ill nuan,
orra desgrazia,
publikatzera nua
asunto guzia.
Deabrubak animua
eman biotzera,
tiroz atrebituba
nire aita iltzera;
Donostia’ra gero
zerbait ekartzera,
egin nuen okerra
desemulatzera.
Gizonak altxa zuten
aita bizirikan,
“O, semiak galdu nau!”
berak esanikan;
gurasubak etzuban
esan gezurrikan,
gorputza ill da anima
juan mundutikan.
Paperian jarrita
alde aurretikan,
aitari zenbat eman
señalaturikan;
eske ari zan beti
aldamenetikan,
gure enredo danak
sortubak ortikan.
Aitak eskatzen ziran
legez eta bidez,
egiten niona da
agindu ta eman ez;
buru dana betia
pentsamendu txarrez,
tirua eman nion
diruaren ordez.
Soldadu arma-dunak
lotu kurioso,
baita eraman ere
Azpeiti’ra preso;
deklarazio txarrak
egiña ni oso,
libratutzeko bear
gezurra preziso.
Aurrena egon nintzan
uka fuertian,
salatzallia pranko
bazan bitartian;
gero aitortu nuen
egunen batian,
gezur guztiak ziran
neretzat kaltian.
Azpeitia’tik juan
Donosti aldera,
Gipuzkoa’ko buru
dan tribunalera;
akusatuba nintzan
Judasen legera,
gezurrak balio ez,
neretzat galera.
Andriak eta biyok
emandako itzak,
konprenditzeko ere
oso dira gaitzak;
oiek guziak ziran
gezurrezko saltsak,
aitari ezarriaz
etzituben mantxak.
Gaizki egin nuala
ondo damutzen zat,
au eskarmenturako
beste guzientzat;
munduban ez da izan
oraindikan behintzat
ume bat txarragorik
gurasubarentzat.
Donostia’n artuba
nintzan albistia
posible etzala neri
bizirik uztia;
ai ura orduko
lastima tristia!
Etzan alegratuko
nere emaztia!
Donostia’tik giñan
Azpeitia’ra etorri,
bost guardiarekin
kotxian ekarri;
kartzelan sartu eta
an nenguan larri,
sententzia tristia
zuten irakurri.
Zuzen da garbi egin
dute justizia,
badakit nuela nik
ondo merezia;
illbeltzan amaseirako
nere sententzia,
goizeko zortziretan
kentzeko bizia.
Gaiztua izan banaiz
orra sujetatu,
sententzia orrek ziran
biotza erdiratu;
Aita Aizpuru’rekin
gogoz konfesatu,
egindako okerrak
danak akusatu.
Pauso bat eziñ eman
nuan ezergatik,
bi lagun banituben
beso banatatik;
urkamendira juan
giñan kartzelatik,
borrerua begira
zeguan atzetik.
Urkamendian nintzan
eserita jarri,
nire entrañak zeuden
estu eta larri;
bizia eman bear
oso lotsagarri,
au beste guzientzat
eskarmentagarri.
Barkaziua nuan
azkena eskatu,
zergatik egiñ nuen
lenago pekatu;
orrengatik bear det
orain nik urkatu,
Jaungoikuari arren
nitzaz erregutu!

Пікірлер